XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

NERE BORDATXOTIK

Emen nazute berriro

Arantzazu'ren irakurle maiteok, berriro zuekin nazute.

Danen gogozko lanak egiten ezta errez, eta nik egin nezaken pixka bati baño geiagori atsegin ez izatea ezta batere arritzeko.

Intxaurrari udare eske aritzea bidegaberi aundia litzake.

Alaberean neri filosofi ta beste goi jakintzetan murgiltzeko eskatzea.

Betoz ordu onean Arantzazu'ren orrialdetara gai oiek prestuki erabiltzeko kapaz diran gizon ikasiak.

Ni ta nere moduko ezjakin ergelak bide bazterreko sasi ta larrak bezelatse gera.

Arantzazu errebista lorategi ta jardin biurtu dezatekenak goi mallako jakintsuak dira.

Zorritxarrez, Arantzazu errebixta eskuraratzen duten ogei milla pertsonetatik asko ta asko dira jakintsuen lorategi orri usairik artu ezin dietenak; lorezale amorratuak izanarren sasi sastrakarekin konpormatzen diranak.

Antzemango zenduten loreak goimallako jakintsuak dirala, ta sasitegia osatzen degunok erria gerala.

Ta erri ori osatzen degunotan azkenetako bat nazute ni.

Nezaken pixka asmo onez eta borondatez egiten dedana, baña tellaturaño igotzeko almenik ez, eta lenengo edo bigarren bizitzan alto egiten dedana.

Nere irakurletan ere millaka izan olakoak, eta aiekin ditudan artuemanak nolanai ezin baztertu tellatuzale batzuren gogoa bete ezarren.

Nere iritzi ariñak ezertarako balio al baleza, auxe esango nuke: euskal sallean danentzat dagola zeregiña: bai beko bodegakoentzat, bai erdi bizitzakoentzat, eta tellatu gallurrekoentzat.

Betoz bai, ordu onean, diot bigarren aldiz, Arantzazu'ren orrialdeak edertu, aberastu ta indartu ditzaketen jakintsuak.

Baña au gogoan artu Arantzazu errebixta iñoizko denboran erriari bizkar emanda, erriarengandik aldenduta, goimallako jakintsu bakarren barruti biurtuko balitz, eriotza eluke urruti izango.

Beste errebixta asko daude bazterretan gai bereziak billa nai dituztenentzat.

Arantzazu'ren artzalle diran asko ta askok artzen dituzte alakoak.

Neronek ere bai bat edo beste.

Aietan arkitzen eztan beste zerbait arkitzen da Arantzazu'n; ba-du aparteko grazi bat.

Erriaren arnaskera.

Ori galdu al baleza, errukarri litzake.

Loiola, Arrate ta Segura'ko radioak zergatik entzuten dira atsegiñez?

Madrid eta Barzelona'ko radioetan baño izlari, lokutore obeak daudelako?

Aiek baño gai sakonagoak erabiltzen dituztelako?

Erdera apañagoa ta dotoreagoa darabiltelako?

Ez.

Madrid eta Barzelona'ko emisoretan arkitzen eztegun zerbait Loiola, Segura ta Arrate'n arkitzen degulako.

An izlari obeak, an erreztasun geiago, an programa bikañagoak, baiña gu ez asetzen emengoak bezela.

Emen ba-degu an palta dan zertxobait.

Zuk, irakurle maite, abegi onez artu nazu oraiñarte.

Aurrera alaxe naiko nuke.

Arantzazu'ko Ama laztana bitarteko degula, nik, nere ezerezean al dedana idazteko, ta zuk irakurtzeko, era izan dezagula.